XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Rahner-en oroitzapenetan omenaldia

Aurkezpena Bi hitz bakarrik bilera hau bere tokian jartzeko eta Karl Rahner-en oroitzapena egitearren zergatik deitu dizuedan adierazteko.

Bilera hau gure Teologi eta Pastoral Institutoaren iniziatiba izan da, berehala Jesusen Lagundikoei jakinerazi zaiena, bereiziki E. U. T. G.-ri, izan ere, Jesusen Lagundia bertan egon gabe, Rahner-i buruzko edozer Donostian egitea, barka ezinezko begiramen-falta izango zen.

Hain zuzen, Lagundiko bi aitek izango dituzte txosten funtsezkoenak.

Agian Rahner gogoratu eta berari egiten zaion omenaldi honen arrazoiak ematen hastea ez litzateke beharrezkoa, bera hil eta bi hilabetera.

Baina, Karl Rahner-en irudia interesgarri egiten diguten bi ideia edo arrazoi azpimarratu nahi nituzke.

Bera egiazko teologoa izan zen, eta katolikook, gutxi gora-behera, orain bizitzen ari garen gogoeta teologikoa eskaini zigun; bai zuzenean, bere idazlanetatik irakurri dugulako, edo-eta Vaticano II. kontzilioko batzarretan zehar bere pentsamentua eman zuenetako bat izan zen neurrian.

Beraz, Karl Rahner-en gogoeta teologikoaren mesedeaz baliatzen ari garen guztiok, Donostiako Elizan inolaz ere falta ez litekeen oroitzapen eta esker onezko gorasarrea zor diogula uste dut.

Baina, aldi berean, gogoeta teologiko hau, pastoralgintza edo Elizaren presentzia ebanjelizatzaile modu batzuen argitzaile da; agian, modu horiek Karl Rahner-en gogoeta teologikoari hain gertutik lotuak ez ikustea gerta daiteke, baina dudarik gabe, zati haundi batetan, berari zor zaion gogoeta teologikoaren substratua badaukate.